Doako sarrera.
*Extravaganza: Ikuskizun handia. Ohikoa ez den moduan edo ordenan zerbait egitea. Gauza arraro, bitxi, berezi edo original bat egitea
MEM BAT EXTRAVAGANZA, URBANBAT Hirigintzako eta Gizarte Berrikuntzako Festibalaren eta MEM Nazioarteko Arte Esperimentalaren Jaialdiaren arteko topaketa da.
20:30 WILD TORUS
Wild Torus proiektuan Vlady Voz Tokk (berez Mike Berlant du izena) moskutarra eta Mág Ne Tá (Amy Mathis) iparramerikarra biltzen dira. Performancea, soinu esperimentala, zarata eta bideo- instalazioak uztartzen dituzte, xaman zibernetikoak izango bailiran, sorkuntza mistiko eta ikusgarriak eginez eta, sarri, antzinako estralurtarren, kultu-teologien eta bizipen pertsonalen erreferentziak ere txertatuta. Oraingo honetan, happening bat aurkeztuko digute, eta artisten eta ikus-entzuleen artean hirietako erdiguneetan bizi diren herritarren joan-etorrien errealitate alternatiboak eratuko dituzte.
21:30 LIDIA DAMUNT
Lidia Damunt abeslariak bakarkako bosgarren albuma aurkeztuko digu, “Telepatía”, orain arte egin duen guztiaren laburpen modura. Hasierako garaietako gordintasuna eta soiltasuna berreskuratu ditu instrumentazioari eta eszenaratzeari dagokienez, baina aldi berean, abestietan melodia asko eta egitura garatuagoak aurki ditzakegu. Ahotsari protagonismo handia ematen zaio, eta Lidiaren hasierako kantautore-garaietako elementu bat berreskuratu da: umorea.
22:30 SEY DJ
Seyk hip hop, funk jazz, soul eta musika elektronikoaren groovea erabateko fintasunarekin konbinatzen du, jatorrizko biniloekin hautespen eta kalitate-nahasketa bikaina eskainiz. Hainbat taldetako kide izan da, adibidez Idiomatics taldekoa (Villa Bilbao sariaren irabazleak), eta egoiliarra izan da hainbat aretotan, adibidez Fever Santanan.