Doako sarrera aretoa bete arte.
eman izena
Fikzioak oso gutxitan dira lekuei buruzkoak; istorioak du garrantzia fikzioan. Gertakizunei jarraitzeari utzi gabe lekua kontuan hartzen badugu, ikus-entzunezko irudian biltegiratutako ezagutza filmikoaren zati batera hurbilduko gara. Azter dezagun filmatutako testuinguruaren ezagutza objektiboaren hondar hori. Protagonista gisa hiria eta bertako biztanleak dituzten fikzioen collage honetan, garai bateko eredu sozioekonomikoari lotutako hiri-gatazken erregistroa dago gordeta. Era berean, fikzioen amaierek irudimenak baino mugatzen ez dituen askotariko irtenbideak proiektatzen dituzte. Beharbada aukera izango dugu fikziozko zinema eskaintzen dituen errebelazio dokumentalengatik estimatzeko eta narrazio-ordena iradokitzaile horri oihartzun eta esanahi berriak emateko.
“Higiezinen fikzioa” fikziozko filmen bidez kontatu eta osatutako ikus-entzunezko obra bat da, non etxebizitzari lotutako arazoak bilbe nagusian edo harekin gurutzatuta agertzen diren.
Left Hand Rotation 2005az geroztik aktibo dagoen kolektibo artistikoa da, eta esku-hartzea, apropiazionismoa, erregistroa eta bideo-manipulazioa artikulatzen dituen proiektuak garatzen ditu.
Norbanakoari/egileari lotuta ez dagoen erakunde inpertsonal gisa egituratzen da kolektiboa, eta proiektu bakoitzari ekiterakoan kontuan izaten du harrera-komunitatea ez dela ikusle bat, errealitate sozialaren eraldakuntzan ezinbesteko alderdi aktiboa baizik. Komunitateek euren egoeraren berri emateko duten borondateak ekintzaren artikulazioa ahalbidetzen du.
Kolektiboaren ekintza bakoitzean erabat jabetzen dira ikus-entzunezko erregistroaren garrantziaz, batetik, gordinean egindako atzemate gisa balio duelako, eta bestetik, bideoklip bakoitzak lengoaia-unitate bihurtzeko ahalmen handia duelako, unitate horien konbinazio eta manipulazioak egunerokotasunaren xehetasunetatik abiatuz mezu konplexuagoak transmititzea ahalbidetzen dutelako. Kamerak, kokatzen den testuinguru espezifikoa erregistratu besterik ezin du egin. Toki-mailakoaren atzemate horien bitartez kolektiboak sistema global konplexu bati buruzko hausnarketa egiten du.